
Iruraiz-Gauna Arabako Lautadan Aguraingo Koadrilaren ekialdean kokatuta dagoen udalerri bat da, 47,1 km2-ko lur-eremua hartzen duena.
N-1 errepidearen hegoaldean kokatzen da. 11 herrik osatzen duten Udalerri hau ez da gune konpaktua, beste udalerriekin sakabanatuta dago eta Donemiliaga, Alegria-Dulantzi, Burlegu eta Gasteiz udalerriekin nahastuta.
Iruraiz-Gauna Arabako Lautadan dagoelarik Gasteiz-Irun norabidera baditu sarrera zuzenak A-3112 eta A-3110 errepideetatik.
Alde batetik Gazeo, Ezkerekotxa eta Arrieta ditugu, A-3110 errepidean, N-1 paraleloan. Errepide honek ere Langarika, Alaitza, Gereñu, Jaregi, Gauna eta Azilu herriak lotzen ditu.
Bestalde A-132 errepideak Trokoniz eta Erentxun lotzen ditu barrualdean.